Egurraren sektoreko ehun profesional baino gehiago NEIKER-Tecnaliak antolatutako Life Healthy Forest proiektuaren jardunaldietan

“Basoko gaixotasun berriak eta kontrol estrategia berritzaileak” lelopean, irailaren 19an eta 20an transferentzia jardunaldi batzuk egin dira NEIKERek Arkautin dituen instalazioetan. Proiektuko kideek –NEIKER, HAZI, Friedrich Schiller unibertsitatea (Alemania) eta DEX aholkulari taldea- eta Neikerrek gonbidatutako nazioarteko adituek hartu dute parte jardunaldietan, eta basoen kudeaketaren inguruan dituzten esperientziak partekatu dituzte.

Lehenengo saioa NEIKEReko ikertzaile eta proiektuko koordinatzaile Eugenia Iturritxaren eta HAZIko ikertzaile Alejando Canteroren eskutik egin da, eta LIFE Healthy Forest proiektuaren aurrerapenen berri emateaz arduratu dira nagusiki, arreta berezia eginda une hauetan Euskal Herriko basoetan kalteak eragiten ari diren gaixotasunen gainean egindako jarduerei. Bizkaiko Basogintza Elkartetik, Fernando Azurmendik basoen gaixotasunen gainean egiten ari diren jarduketak azaldu ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko Aitor Omar, berriz, aldundia basoetako patologiekin lotura duten arazoetarako ematen ari den erantzunean zentratu da. Saioa amaitzeko, Zeelanda Berriko adituek hartu dute parte. New Zealand Forest Association erakundeko Jenny Aitken eta Bill Dick izan dira aditu horiek, eta basoetako gaixotasunen kudeaketan eta kontrolean dituzten esperientzien berri eman dute.

Bigarren egunean irteera bat egin da, Elorriora, eta han parte hartzaileek proiektuaren lursail pilotu batzuk bisitatzeko aukera eduki dute. Lursail horietan hainbat tratamendu aplikatuko dira intsinis pinuaren afikulen gaixotasunaren kontra, ikusteko tratamenduak zenbateraino eraginkorrak diren.

LIFE programak kofinantzatutako LIFE Healthy Forest proiektuaren lan ildoetako bat da basoen narriadura garaiz antzeman eta ebaluatzeko sistema berritzaile bat garatzea, espezializazio arlo batzuk konbinatuta, biologia molekularra eta teledetekziorako teknikak, esaterako. Sistema eskala handian ezarriko da Euskadin, eta horrek lagunduko du ezagutza oinarria handitzen Basoen eta Biodibertsitatearen gainean Europan dauden politikak garatzeko.

LIFE HEALTHY FOREST proiektuari buruz

LIFE Healthy Forest (LIFE14 ENV/ES/000179) proiektu berritzaile bat da, eta bere helburu nagusia da basoen kudeaketa iraunkorrerako metodologiak diseinatzea eta ezartzea EBn, basoen narriadura garaiz antzemateko eta ebaluatzeko, kontuan izanda ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituen ondorioak.

Proiektuak 42 hilabeteko iraupena edukiko du, NEIKER-Nekazaritzako Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeakn koordinatzen du eta hiru kide onuradun ditu: Friedrich-Schiller-Universität Jena, Hazi Fundazioa eta Desarrollo de Estrategias Exteriores, SA enpresa.

LIFE programak Ingurumeneko azpiprogramaren barruan aukeratutako 96 proiektuetako bat da LIFE Healthy Forest. Aukeraketa, azpiprograma horretako 2014-2020 programazio aldirako proiektuen lehen deialdian Europa Batzordeak jasotako 1.117 eskarien artetik egin zen.