NEIKER-Tecnalia esnea ekoizteko soluzio berritzaileen bila dabil ustiategien iraunkortasun ekonomikoa eta ingurumenekoa bermatzeko

Dairy4Future proiektuan parte hartzen ari da, Arku Atlantikoko esne-behi etxaldeetan ezarritako praktika berritzaileak identifikatzeko, beste ustiategi batzuetara transferitu ahal izateko.

Berrogei partaide elkartu dira gaurtik aurrera Euskadin, gune atlantikoko 12 eskualdetako aholkularitza zentro eta nekazaritza ganberetatik etorritako zientzialari eta teknikarien artean.

NEIKER-Tecnalia soluzio berritzaileen bila dabil, Europako Dairy4Future proiektuaren esparruan, esne-behi etxaldeetako iraunkortasun ekonomikoa eta ingurumenekoa bermatzeko. Eskualdearteko proiektuan, NEIKER-Tecnaliako zientzialariekin batera, Irlanda, Erresuma Batu, Frantzia, Espainia eta Portugaleko adituak daude. Egitasmoak Atlantiko inguruan esnea ekoizten dute eskualde nagusiak hartzen ditu, guztira 100.000 ustiategirekin, zeinek Europar Batasuneko esne ekoizpenaren %20 sortzen dute, askotariko produkzio sistemekin.

Gaur egun 361 ustiategi inguruk saltzen dute behi esnea Euskadin.  178 milioi kilogramo esne merkaturatzen da. Merkaturatutako ekoizpenaren balioak gora egin du ia 61 milioi euroraino, eta euskal nekazaritzaren azken ekoizpenaren ia %11 da. Merkaturatutako ekoizpenari dagokionez, Euskadiko bigarren sektorerik garrantzitsuena da, ardogintzaren sektorearen atzetik.

Esnearen sektorea, oro har, azken urteetan bizitzen ari den egoera delikatua da. Arrazoi nagusien artean nabarmentzen dira kuotak kentzea, esne komunitario eta estatalaren ekoizpena handitzea, esne freskoaren kontsumoa murriztea, Europako herrialdeetatik estatura egiten diren gazta inportazioak, edo esnearen gehiegizko eskaintza mundu mailan, dagoen eskaerarekin alderatuta. Euskadi ez da egoera horretatik kanpo geratzen, nahiz eta eragin txikiagoa sufritu duen, batez ere euskal sektore produktiboaren antolamenduari esker.

Testuinguru horretan, proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako sailburuordetzak daukan erronketako bati ematen dio erantzuna, hain zuzen ere, Euskadiko lehen sektorearen lehiakortasuna hobetzeko erronkari. Horrela, proiektuaren helburuak dira esne ustiategien produkzio kostuak %10 murriztea eta karbono aztarna %20 murriztea. Horretarako, lehen urrats gisa, esne sektorearen diagnostiko bat egiten ari dira eskualde atlantikoan. Praktika berritzaileak ere identifikatzen ari dira, esne ustiategien emaitza ekonomikoak eta ingurumenekoak hobetzen laguntzeko, eta sektorearen erresilientzia ekonomikoa sustatzeko, baliabideen erabileraren efizientzia hobetuz. Azkenik, proiektuaren asmoa da oreka ezin hobea aurkitzea errentagarritasunaren, baliabideen erabileraren efizientziaren eta ingurumeneko emaitzen artean. Testuinguru horretan, NEIKERek Fraisororen, Iparlaten eta Lursailen lankidetza dauka, eragile interesatuak diren heinean, azken horiek parte hartzen duten ustiategiekiko lotura egiten dutelarik.

Parte hartzaileak espazio atlantikoko 5 herrialde eta 12 eskualdeetatik etorri dira, eta gaurtik aurrera elkartu dira Euskadin, 2018an abiatu zen proiektuaren bilakaeraren jarraipena egiteko, eta identifikatzen ari diren irtenbide berritzaileak partekatzen hasteko. Biharko jardunaldian, ostirala, aurreikusita dago Aberekin-era eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi etxaldetara bisita egitea, zeinek berrikuntzak ezarri dituzten ingurumenaren arloan zein sozioekonomikoan.  Biek belaunaldien arteko erreleboa dute, eta minda tratatzeko edo kudeatzeko sistema berritzaileak. Hain zuzen ere, mindaren kudeaketa eta aplikazioa da Euskadin sektorea gehien kezkatzen duten gaietako bat, neurriak hartu beharra baitute, 980/2017 Errege Dekretua indarrean sartu delarik.