NEIKERek lurraren barruko beroa erabiltzen du bere eko-berotegia klimatizatzeko, geotermian eta beste energia berriztagarri batzuetan oinarrituta

Instalazioa gaur inauguratu da Derion, eta bertan izan dira Jon Azkue, Arrantza eta Elikagaien Industrietako sailburuordea, eta Amaia Luquin, NEIKER-Tecnaliako zuzendari nagusia

NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak tenperatura egokia lortzeko lurpeko berotasuna aprobetxatzen duen berotegi geotermiko bat inauguratu du gaur, Derion dituen instalazioetan. Sistema berritzaileak instalazioa ingurumena errespetatuz klimatizatzea lortzen du, ez baitu kutsatzen eta beste erregaien beharra %60 baino gehiago murriztea lortzen baitu. Proiektuan 200.000 euro inbertitu dira, eta Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikagaien Industrietako sailburuordeak eta Amaia Luquin NEIKER-Tecnaliako zuzendari nagusiak inauguratu dute.

Energia geotermikoa, bere zentzurik zabalenean, lurrazalaren barruko berotasuna da.Berotasun hori energi iturri gisa aprobetxatzea aukerarik iraunkorrenetakoa da ingurumenaren ikuspegitik zein ekonomikotik.NEIKER-Tecnaliako ikertzaileek garatu duten sisteman, funtsean, hodi sare bat dago, 40 metro luze, metro eta erdiko sakoneran. Kanpotik hodietara airea ponpatzen da, ibilbide osoan zirkulatzeko. Lurraren tenperatura 15º C inguru denez, airea berotu eta berotegiaren barrualdean tenperatura horretan zabaltzen delarik, tenperatura uniformeagoa mantentzen da eta kontsumo energetikorik handiena eragiten duten jauzi termikoak murrizten dira. Bero handiko garaietan egoera alderantzizkoa da, kanpoko tenperatura oso handia izan baitaiteke, eta airea lurpeko hodietatik igarotzean hoztea lortzen da eta 15º C inguruan ateratzea.

Sistemak ez du kutsatzen eta merkea da, azpiegituraren inbertsioa baino ez baitu eskatzen. Egiten den gastu energetiko bakarra lurpeko hodietan aireak zirkulatzeko dagoen ponpa elektrikoa elikatzeko behar dena da. Gaur inauguratu den berotegiaren klimatizazioa osatzeko azken belaunaldiko 80 m2 panel fotovoltaiko eta biomasa galdara bat jarri dira. Instalazioaren barruan piperrak eta tomateak hazten dira.

Berotegi baten tenperaturik egokiena udan 25º C da, kanpoko airea 30 eta 35º C artean dagoenean, eta neguan 21º C inguru, kanpoko giroa 10º C azpitik dagoenean.

Lurrak eguzki izpien beroa gordetzen du, eta tenperatura ia konstantean mantentzen da urteko sasoi guztietan; ondorioz, neguan bero sentsazioa ematen du eta udan freskura. Iberiar penintsulan, bost metro baino gehiagoko sakoneran, lurraren tenperatura 15 gradu inguru da, egoera klimatologikoak gorabehera. 15 eta 20 metro artean lurraren tenperatura handitu egiten da, gutxi gorabehera 17º C-ra.

Nekazaritzako ekoizpen intentsiboaren arazo nagusietakoa berotegiek funtzionatzeko behar duten berotasuna sortzea da. Erregai fosilen kostu handiaren ondorioz, azken urteetan, produkzioa ez da errentagarria, eta beste energi sistema alternatiboak bilatu dira, ingurumena errespetatuko dutenak. Hain zuzen, NEIKER-Tecnalia zentro teknologikoaren ikerketa ildoetako bat berotegiak girotzeko modu berriak bilatzea, teknologiak horiek nekazariei transferitzeko azken helburuarekin.