NEIKER-Tecnaliak LAKI2018 -Lurreko Zientzien VIII. Biltzar Iberikoa antolatuko du

Ekitaldia ekainaren 20tik 22ra izango da Donostian, eta baliabide horrek ekonomia iraunkor batean duen garrantzian sakonduko da.

“Lurzorua, bioekonomiarako baliabide iraunkorra” izenburupean, NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Sociedade Portuguesa da Ciencia do Solorekin (SPCS) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera, Lurreko Zientzien Biltzar Iberikoaren zortzigarren edizioa jarri du abian, bi urtetik behin egiten den ekitaldia eta gai horretako nazioarteko adituak biltzen dituena. Aurten Gipuzkoan egingo da, ekainaren 20tik 22ra.

Karbonoan baxua eta jatorri fosileko produktuetan oinarritzen ez den ekonomia zirkular bateko funtsezko zutabea den heinean, lurzoruak duen garrantziari arreta berezia jarriko zaio oraingo honetan, lehengaiak, elikagaiak eta energia modu iraunkorrean sortzeko gai baita.

Zentzu horretan, nazioartean ospea duten beste hizlari batzuen artean, ekitaldian Ingurumen Ikerketarako Helmholtz zentroko (UFZ) Ute Wollschläger doktorea izango da BonaRes azaltzeko, Alemaniako Gobernu Federalak bultzatutako egitasmoa lurzoruaren kudeaketan praktika iraunkorrak sustatzeko, emankortasuna bermatzeko eta biomasaren aprobetxamendu integrala egiteko.

Halaber, Ana Alzolak, IHOBE zentroko ikertzaileak, “Lurzorua babesteko euskal estrategia” aurkeztuko du, eta Claudia Olazabalek, Europar Batasuneko ENV.B1 Unitateko buruak (Nekazaritza, Basoak eta Lurzoruak) ekitaldiari itxiera emango dio, lurzoruaren zientziak politikak eratzeko egindako ekarpenari helduz.

 

Informazio praktikoa

Egoitza: Ignacio M. Barriola Zentroa, EHU, Donostia

Datak: 2018ko ekainaren 20tik 22ra

Online izen ematea: CICS2018

 

Saioak

  • Lurzoruen erabilera iraunkorra: basogintzako ekoizpen jasangarria areagotzea.
  • Lurzoruen funtzio hidrologikoa.
  • Lurzoruaren rola klima aldaketara egokitzeko eta arintzeko.
  • Lurzoruen babesa eta lehengoratzea.
  • Lurzoruak eta Gizartea.
  • Lurzoruen zerbitzu ekosistemikoak.
  • Lurzoruen genesia eta sailkapena.