NEIKERek eta Tecnaliak naturan inspiratutako irtenbideak aurkeztu dituzte hiri ingurunean klima aldaketari aurre egiteko

Gida bat landu da, “Irtenbide Naturalen eraginkortasuna ebaluatzeko eta diseinatzeko Gida, klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurri gisa”.
Gidaren helburua da tokiko administrazioei metodologia bat ematea irtenbide naturalen onura ugariak ebaluatzeko

NEIKER-Tecnaliak eta Tecnalia Research and Innovationek gida bat landu dute, “Irtenbide Naturalen eraginkortasuna ebaluatzeko eta diseinatzeko Gida, klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurri gisa”. Egitasmoaren helburua da tokiko administrazioei metodologia bat ematea irtenbide naturalen onura ugariak eta eraginkortasuna ebaluatzeko, maila lokalean klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurri gisa; gainera, hirigintza planifikatzeko prozesuetan integratzeko proposamen bat aurkeztu dute.

Gidak azterketa material lagungarria, metodologiak, tresnak eta azterketa kasu baten adibideak eskaintzen ditu, ebidentziak sortu ahal izateko, irtenbide naturalak ezartzeko erabakiak zuzen hartzeko. Eragingo lituzketen onuren kalkulu kuantitatiboak planteatzen dira, muturreko tenperaturei, uholdeak kontrolatzeari, karbonoa harrapatzeari eta biodibertsitateari dagokienez. Gainera, hainbat eskala proposatzen dira –auzoa eta hiria–, eta naturan oinarritutako irtenbideek eskaini lezaketen onura bakoitzaren balorazio indibiduala zein integratua aurkezten da.

Klima aldaketaren gaur egungo testuinguruan, ezinbestekoa da plangintza urbanistikoaren aldaketak hura arintzera eta egokitzera zuzentzea. Ildo horretan, irtenbide naturalak naturan inspiratzen diren interbentzioak dira, eta naturaren sistema konplexuen ezaugarriak eta prozesuak erabiltzen dituzte, hala nola karbonoa gordetzeko ahalmena eta uraren fluxua erregulatzea, gizarteei laguntzeko ingurumen, gizarte eta ekonomiaren erronkei aurre egiteko, modu jasangarrian (besteak beste, muturreko gertakarien ondorioen arriskua murriztea, pertsonen ongizatea hobetzea eta hazkunde berde sozialki inklusiboa lortzea).

Irtenbide naturalen adibideak dira estalki edo fatxada begetalak, eta beste elementu natural batzuk, espazio publikoko azpiegitura berdeak eta urdinak, udalerrietako parke eta natura guneekin konektatuta.

Gida NaturAdapt proiektuan kokatuta dago, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren babesa dauka, Biodibertsitate Fundazioaren bitartez.

 

Txomin-Eneako adibide praktikoa Donostian

Proiektuan, gainera, kasu praktiko bat landuko da Txomin-Enean, Donostian. Eremu hori Urumea ibaiaren arroan dago, eta, horrenbestez, espazioak hiriaren etorkizunerako aukerak eskaintzen ditu eta garrantzi handiko potentzial paisajistikoa eta ekologikoa dauka. 2017an eraldaketa urbanistiko bati ekin zitzaion. Bere oinarrian zegoen urbanizazioaren lur arraseko maila orokorra goratzea, urtez urte auzoak nozitzen dituen uholdeak saihesteko. Maila igota, urbanizazioaren beraren esparruan eta ibilguaren esparruak mugatuko dira, ibaiertza aldizka gertatzen diren uholdeetarako lautada moduan utzita.

Gida Donostiako klima aldaketara egokitzeko Batzordean kontrastatu da, baita Iraunkortasunaren aldeko Nafarroako Tokiko Erakundeen Sarearekin batera ere.

 

Gida esteka honen bidez lortu daiteke